ARGIAren Fototeka

ARGIAren 100 urtetik gorako ibilbidean, momentu historiko askoren lekuko izan gara. Denak letretan bildu ditugu eta 1960ko hamarkadatik aurrera horietako asko argazkietan. Hamarkadaz hamarkada ARGIAren argazki artxibategia handitzen joan da, are gehiago argazki kamera digitalen etorrerarekin.

Orain Euskal Herriaren historia diren dozenaka milaka argazki horiek guztiak herriari itzuli nahi izan dizkiogu eta denen eskuragarri jarri, kalitate handian. 1920tik hasi eta gaur egunera arte, ARGIArentzat 700 argazkilarik baino gehiagok egindako lanek osatzen dute fototeka hau.

Argazkien gehiengoa lizentzia librean sareratu ditugu eta hala, irudi libreen bilatzaile OpenVerse atariaren arabera, munduko argazki bilduma librerik garrantzitsuenetakoen zerrendan sartu ditugu Euskal Herria eta euskal kultura.

Bilduma etengabe handitzen

ARGIAn egunero erabiltzen ditugun argazkiekin elikatuko dugu Fototeka. Baina, hau proiektu irekia da. Zure argazkiak ARGIAren Fototekara igo nahi badituzu Fototekaren ateak irekita daude. Egoki sailkatu eta gordeko direla bermatzeaz gain, lizentzia libreekin euskal herritarren zerbitzura jarriko ditugu eskuragarri.

Horretarako, jarri gurekin harremanetan eta gustu handiz aztertuko dugu gaia. Idatzi fototeka (abildua) argia (puntu) eus helbidera (espaziorik gabe) edo deitu 0034 943 37 15 45 zenbakira.

Zuri esker edukiak libre

Hedabide asko beren edukiak ixten ari diren bitartean, ARGIAn informazioa libre eskaintzeko hautu kontzientea egina dugu; herritar guztiei informazio eskubidea bermatu eta dirua ez dadin izan inorentzat oztopo informazioa eskuratzeko.

Alde horretatik ARGIAk duen baliorik handienetakoa da sortzen dituen eduki guztiak sarean libre izatea, baita fototeka hau ere. Horretarako, elkar laguntza dugu oinarri. ARGIAko kideen babes ekonomikoari esker lortzen dugu edukiak libre eskaintzea. Beraz, oraindik ez bazara, zeu ere ARGIAko kide egitera animatu nahi zaitugu, hau bezalako proiektu gehiago libre eta doan eskaintzen jarraitzeko.

Pantaila osotik irteteko sakatu ESC